2010-08-31

AITORREN BIOGRAFIA


Atzo esan nuenaren ildo beretik... aperitibo bezala... bere garaian Aitorri, nire "mehatxuarekin" Ermuara bidali nion poema:


Aitorrek denborari buruz
berriz idatzi dit
lehentasunen ierarkiaren aldapatik
gora eta behera eginez.


Denboraren izaera gaseosoa eta laburra
daukat nire aurrean beste behin ere;
autobus geltokiko markesinan
nire ahoa ondoan ipini
hotzetik babesteko
eta nire arnasa, ikustezina izatetik
lurrina bihurtu da lehenengo,
eta gero nire barrutik
ateratako hodei gris hura
lapurtu egin dio
beirari bere gardentasuna.


Bizpahiru segunduz, ondoan dudan mundua
uherragoa bihurtu da
eta denbora bezain fina…
segituan,
beiratik ihesi eta airerako lurrin bidaian
beste norbaiten birikietako berotasuna
bilatzera joango da.


Barrutik hoztu naizenez
nire arnasaren hodeiak
nire barruan gelditu dira
eta ez dira ikusmen mundura irten.
Baina Ermuatik arnasa
elur maluten artean datorkit.
Denbora bezain fina.


Aitorrek idatzi dit beste behin ere
eta ideia berri bat daukat
txorakeri bat, elur maluta bat
segundu batean urtu egingo dena.
Eta hori gertatu beino lehen,
desagertu baino lehen,
hemen grabatu behar dut
Martaren tatuajeak bezala:


Aitorren biografia idatzi nahi dut
erreala edo ez,
poetikoa edo ez,
imaginarioa edo ez.
Berea gutxienez, bai.




PDFa jaitsi nahi baduzu, hemen daukazu.

CARLOS


Ilich Ramírez Sánchez "Carlos" nire faszinazio bat izan da, Aidan Quinn protagonista den pelikula hartan bere pertsonaren inguruko lehen informazioa jaso nuenetik, alegia.
Udara baino lehen honako trailer hau ikusi nuen eta nahiz eta erresoluziorik hoberena ez izan, hementxe daukazu:




Hemen webgunea daukazu canal + frantziak egin duen trilogiari buruzko informazio, argazki, bideo eta beste bitxikeriz beteta (ingelesez zein frantzesez dago). Trailerra eta beste klip mordoa hor duzu.

ALTRUISMOA


Oiertxo, Londresetik, Garak aurreko egunean argitaratutako berri hau bidaltzen dit. Beti laguntzen saiatzen gure Oier.
Batzuek Euskalerriko exodoaren (?) arrazoia terrorismoa dela esaten dute . Nik uste dut ligatzeko "zailtasunek" armek baino indar handiagoa daukatela. Nik Belgikara joan behar izan nuen nire dosia izateko eta maitasuna daztatu ahal izateko, beraz ez da "iparraldeko hoztasuna" euskaldunon arazoa...
Baina gaurko honetan, Oierri esker bikote edo rollito bat daukazuen guztiontzat eta Euriborra jaitsi ez dizutenontzat aukera bat dakarkigu Baga-Bigara Josean Gutierrezen eskutik" mispicaderos.net webgunea. Hemen Bizkaiako tokiak, hemen Arabakoak, hemen Gipuzkoakoak eta hemen Nafarroakoak. Webgunean Hego Euskalerriko maitasun txokoak daude soilik.
Egia esan nik nesken atzetik benetan jotake hasi nintzenean Gasteizko pisua nuen, beraz ez nuen txoko hauen behar izan, baina agian zuretzat baliogarriak izan daitezke. Gainera etxebizitzak daukan prezioarekin...

2010-08-30

UNE IRAUNKORRAK


Orain dela hiru bat urte Sutak Une Iraunkorrak deituriko kontzertu DVDa plazaratu zuen. Kontzertuaz aparte material gehigarri pilo bat zegoen. Tipo sentikorra naizenez eta voyeur galdua, niri, kontzertuaren kaniaz aparte, taldearen bizipenak biltzen dituen materiala gustatu zitzaidan gehien. Aurreko egunean Jainko Hilen Uhartean diskaren grabazioko irudiak (DVD horretan daudenak) zuretzat hemen kargatu nituen. Beste bi bideotxoak taldearen bidaitxoekin beraien webgunean MEDIA atalean aurki ditzakezu hemen klikatuz eta Une Hunkigarriak (1) eta (2) ikusiz.
Diska hartatik (Jainko Hilen Uhartean, 2006) beste DVD-CD zuzeneko bat atera zuten beraien 20 urteak ospatzeko.




Oso zaila da niretzat nire bizitzaren soinu banda Sutagar barik ulertzea. Hortik badaude batzuek taldeak eboluzionatu ez duela eta azkeneko garaian lehenaldian gelditu direla esaten dutenak. Nik ez dut horrela uste. Hurrengo batean Aitor Gorosabel Garairen (sutaren kitarrajole eta abeslaria) biografiaren inguruan idatzi nuena irakurtzeko aukera izango duzu, Baga-Bigan irakurketa bat egingo dugulako eta.

Eta hemen DVD hartako kontzertuko muntaiko abestitxo bat "Geroaren Hazi Heziak":


Bideoa
hemen jaitsi dezakezu.

2010-08-26

ESTEKAK


Baga-Bigako hormetan ikusgai dauden argazkiak beti Egoitzen zerbitzarian gordetzen dira. Egoitz Benicarlon dago merezitako oporrez gozatzen. Laster gure artean izango dugu, bitartean argazkiak txikiak ikusten konformatu beharko duzu.

PATAGONIA


New Yorkeko abenturari gelditzen zaizkion azken egun hauetan zer faltako zaidan ulertzen ari naiz. Horietako beste gauza bat Patagonia dendako katalogoa izango da. Hona hemen zergatia:











Hilabetero behin edo honelako argazkiz betetako aldizkari eder bat jasotzen egon gara azken urteotan. Arropa ere oso ona da, garestia, baina kalitatezkoa.
Tipo hauek liburu hau argitaratu dute, beste hamaika libururen artean...eta doku hau egin dute. Hona hemen trailerra:


INIGON


Atzoko egilea hobeto uler eta ezagut dezazun hona hemen bere lanaren erakusketa xume bat. Oso zaila izan zait bere argazkiak aukeratzea, eta azkenean hamabost hauekin konformatu beharko zara, bere lana gustoko baduzu bere zenbakia emango dizut eta kopiaren bat edo beste birra bat edo besteren truke ziurrenik emango dizula.
Zorionak lan zoragarri honegatik Inigon!













EMOZIO EGILEAREN BEGIRADA


Badaukat lagun bat
lagun berezi bat
eta gaur ez da Bernat
gaur beste bat da
gaur beste bat zara

lautadan bizi da
argazkilari, eskuzabal, bihotz-handiko boltxebikea
naturazale eta irribarre ederra duena

aspaldi urtero ohitura berezi bat daukan laguna
nire urtebetzean
oparia betetzen du
ametsa betetzen du
eta urte bateko itxaropenaren muga zeharkatzen du

Aurrena Bilbon izan zen
aurrena larruzko albuma
lagun bilduma
argazki zoragarrien batuketa
2001eko negu zitala
nire aitaren agurraren bezperetan
horrek ere batzen gaituelako
zoritzarrez, lotura metastatikoa.

Handik urteak joan eta urtero behin
ireki egiten dugu botila.

Zure begirada nahiko luke poetak
eta zure flash, tripode, filtro eta objektiboa ere
hitzekin sentitzen dugun emozio hori argazki bihurtzeko
poema perfektua bihurtzeko
borobila
horrela izan behar duena
eta beste era batekoa izaterik ez duena

Inigo, esker mila, bi eta hirumila...

asko maite zaitut, nola ez ba?





Muntaia hemen jaitsi dezakezu

2010-08-25

NORTHWEST


Hona hemen oporretako argazki batzuk. AEBko iparmendebaldea itzela da, oso naturala, oso handia, sekulako argia, urez inguratua, menditsua, zabala, indioekin (lumadunak), elurrarekin:













Bazen nire argazkiak Baga-Bigako barraren atzean jartzeko garaia. Ea gustoko dituzun.

2010-08-24

BIRRITXI MALILI


Gaur nire amamaren urtebetzea da. Orain birritxi bihurtu dena, Naia inguruan dagoenetik. Berarentzat poema bat idatzi nuen aspaldi, baina garai hartan moleskine txikietan idazten nuen soilik, eta orain moleskineak kontainerretan daude. Beraz poema baten oroitzapena bidali nahi diot Baga-Bigako barraren atzetik.

Zugatik egiten dut topa
zugatik amama
zugatik eta egin didazun onuragatik
zure itzala luzea eta goxoa
zure irria Naiarena bezalako
maite zaitut, amama
hori da esan dezakedan bakarra
horretarako zu metafora baitzara

Berarekin hitz egin berri dut eta jada nahiko deskonektauta dago. Nik, atzerrian daramatzadan urteei esker ziurrenik, nire amama primeran gogoratzen dut. Denok esaten didate orain nahiko gaizki dagoela. Nirekin barre egin du telefonoz, pixka bat, baina musika izan da niretzat. Egia esan nahiko itzalita ikusi dut eta irribarre goxo hori eta gero ulertu ez ditudan zenbait kontu esan dit. Baina bere ahotsa entzun dut. Eskerrik asko amama! Laster arte!


Argazki hau nire anaiak 2008ko Abuztuan hartutakoa da.

Altza ditzagun kopak, eta egin dezagun topa! ZORIONAK AMAMA!!!!